Jose Ángel Peña Zalvideak (Deportes COPE Bilbao)  2019ko urtarrilaren 10ean egindako alkarrizketa.

Antonio “Tony” Melero Pinto, Astrabuduan jaioa, Leioan bizi dana, Patin-Hockey espezialidadeko entrenatzailea da, Bizkaiko Foru Aldundiko Eskola Kiroleko monitorea, arbitroa, jokalari ohia, CD Urdanetako beheko kategorien entrenatzailea 1994tik hona, eta R.C. Jolasetako entrenatzailea Junior, Sub-23 eta Senior mailetako entrenatzailea 1994tik hona;Horren ganera, bigarren denporaldia daroa MSK Hockey Mungia Kirol Elkartearen entrenatzaile zereginetan. 42 urte ditu eta aditua da Patin-Hockey lanetan kategoria guztietan.

Jose Ángel Peña Zalvidea (JAPZ); patin-hockeyaren moduko kirol gitxituen ganean berba egiten dogun guztian, hauxe da lehenengo burura jatorkun itauna: zer dala eta hartzen da erabagia honetan jarduteko; hau da, patinak jantzi eta stick palua hartzeko; zergaitik ez beste kirol bat?

Tony Melero (TM); nik ez dakit ganerakoen kasuan zergaitik, baina nire kasuan ikastetxeko gauza izan zan, Urdaneta. Gurasoak ezin jatazan etorri futbolean jokatzen ikusten (ze, hasi, futbolean hasi nintzan) eta baegoan aurkea beste kirol bat praktikatzeko, nik arrarotzat joten nebana; horretan jokalarien patinak eta paluak erabilten ebezala ikusi neban eta dibertigarri eretxi neutson; probatu egin neban 9 urte nituanean eta, holan, gaur arte, Hockeyaren munduan sartuta.

JAPZ; Urdaneta aitatu dozu zuren lehen klub moduan, lehen esperientzia…. Badaukazu gogoan bizipenen bat, Hockeyra betiko lotu zintuan zeozer?

TM; Ba, begira, giroa; nire ustez, ez dauka zer ikusirik lehen eta gaur egun Patin-Hockeyan bizi dan giroak eta jendetza handiak mugitzen dituan kiroletakoak. Giro ona dago gazteen artean, kluben artean bere bai…. Horrexek harrapatzen gaitu honetan sartzen garanok. Kirola da, kirol garbia, lehiaketarik harago doana; partidua amaitu eta kontrakoakaz batzan gara, rollo ona dago; horixe da lehen erakarri ninduana eta gaur bere bardin ikusten dot.

JAPZ; Beharbada, hori entrenatzaileek, zuk,  berba egiteko daukien eran eta hartu-emonetan bere azaltzen da. Zer gogoratzen dozu Hockey mundura bideratu zinduzen pertsonen ganean?

TM; Jo…, ba, hartu-emona estua zan, ze ni hasi nintzan lekuan, Urdanetan, Iñigo Vallejo egoan eta talde piloa eukan bere ardurapean, baina danok ondo tratetan ahalegintzen zan, guk ondo pasatzeko, horri emoten eutsan indarra lehiaketaren ganetik.  Eta nire ustez horixe da umeak kirol honetan jarraitzeko “harrapatzeko” modua; ez da lehia bakarrik, ondo pasatzea da, baloreak ikastea, lana eskatzen dauen kirol bat zer dan jakitea; gatxa dan kirol bat, ze patin ganean joan behar da palua eskuetan daroazula…. Eta horixe da umeak erakartzen dituana, ondo pasatzeak eta ikasteak.

JAPZ; Orduan, horixe da zure “liburutxua”, esaten dan moduan “cada maestrillo su librillo”; entrenatzaile moduan, jauzi hori emotea erabagi zenduanean, suposatzen dot zure metodologia bere ildo horretan egingo dala.

TM; Bai, hori da; ezagutzen naben guztiek dakie zenbateraino baloratzen dodan rollo ona, umeek ondo pasau daiela irabaztean; gurago dot partidu bat galdu eta umeak pozik ikusi, danek jolastea, disfrutatzea; batez bere, txikerrak diranean, “landarea sartzeko” unean, ze gero, zaharragoakaz kontua desbardina da;…. Ondo pasatzea oinarrizko da.

JAPZ; gatxa da txipa aldatzea, jokalari izatetik entrenatzaile izatera pasetea…. Badozu oroitzapen edo sentipen zehatzik jokalari izatetik bankillora pasatu zinanekoa?

TM; bueno, ni entrenatzaile hasi nintzanean, 18 urte nituan, eta oraindik jokatu bere egiten neban. Urdaneta itxi eta Madrilera ikasten joan nintzanean, Soriako talde bategaz fitxatu neban; hori aldaketa handia izan zan, hau da, batetik, ni entrenatzen ninduen entrenatzaileak nituan eta, bestetik, ni neu bere gaztetxuen entrenatzailea nintzen; beraz, nire aldaketa ez zan horren gogorra izan, beste batzuena radikalagoa da.

JAPZ;… jakina, esperientzia biak aldi berean biziteko aukerea zenduan; suposatzen dot zeure entrenatzaileek bere lagunduko eutsuela edo aholkuren bat emongo eutsuela entrenatzaile hasi zinenean.

TM; Bai, bai, ganera ni sano gaztea nintzan, eta talde bat gidatzeko danek irakasten deutsuena ikasi behar dozu. Iñigo Vallejo, kontrakoen entrenatzaileek bere hobetu ahal nebana esaten eusten, holan joan nintzan hobetzen eta ikasten, jentea ezagutzen… mobidu egin behar dozu apur bat, ze ganera, orain esan behar dogu profesional gitxi garala Hockey arloan, ze izan bere gitxi gara futbolaren aldean, baina egia da Bizkaian lehen baino asko gehiago garala. Lehen hiru, lau….egoten ziran, klub bakotxaren koordinatzaile bat; eta horreexek izaten ziran norberarentzat bere eredu; horixe da niri balio izan deustana.

JAPZ; patin Hockey arloko entrenatzaile batek izan behar dauen ezaugarri bat azpimarratu beharko bazendu, zein aukeratuko zeunke?

TM; hasikeran, batez bere, pazientzia; eta argi izatea ze jokalari mota daukazun. Ez da bardina alebinen mailako taldea entrenatzea (gaur egun Urdanetan daukana esan gura dau) edo senior mailako bat (RCJolasetan holango bat dauka) edo MSK Mungian daukagun infantilena. Entrenatzaileak lehenengo-lehenengo ulertu behar dauena hau da,  jokalariak ez dirala produktua, pertsonak dirala eta moldeatu egin behar dirala pertsonak sortzeko, eta gero lortu jokalariak izatea.

JAPZ; Lehen aitatu dogun metodologia horren barruan, ze lekutan dago konpromisoa?

TM; Nire ustez, oinarrizkoa da. Umeak konpromisoa izatea funtsezkoa da aurrera egin daian; konpromisora heltzeko, ostera, modu desbardinak dagoz; entrenatzaile batzuek zigorra erabilten dabe, beste batzuk indartzea….. neuk neuk ondo pasatu daiela bilatzen dot. Ume batek ondo pasatzen badau, entrenatzen dator eta gehiago ikasten dau. Nik beti dot gurago bide ludikoa zigorra edo indartze negatiboa baino; alde positiboa bilatuta, tratua ona gura dot, rollo ona, ez daitezala bildurtu, euren arazoak kontatzea niri, ikasketetakoak, lagunakazkoak, etxekoak, eta horrek hurbilagokoa egiten zaitu, errefortzu moduan ikusten zaitue euren bizitzaren ikasprozesuan.  Horregaz, une jakin baten igual emoten deuste besarkada bat, edo oparitxu bat dakartsue ….. niretzat horixe da gauzarik handiena.

JAPZ; zure ibilbideaz gabilz berbetan, zure lan egiteko moduaz…., orain Mungiako proiektu eder baten sartuta zagoz. Zer ekarri egiten deutsezu, zer esan gura dau erantzukizun barri honek zuretzat?

TM; Urdaneta ikastetxean hasi nintzan eginda egoan proiektu baten, ezarrita egoan filosofia bati eutsita, eta han jarraitzen dot; RCJolasetan sartu naz gero, eta klub horretan beste filosofia bat lantzen da; baina 2017ko maiatzean Mikel Madariaga agertu zan nire ibilbidean, proiektu eder bat eskuartean eukala, hau da, patin-hockey talde bat sortzea Mungian, kultura hori ez egoan leku baten; oinarri eta balore batzuk proposatu eustazan eta erabat bat nator horreetan beragaz; hau da, modu berean ikusten dogu zer dan kirola, zelan bideratu umeak… eta, holan, garatzeko erabagia hartu genduan. Nik alde kirol-teknikoan egin neikezan ekarriakaz, Mikelen koordinazinoagaz, proiektu honetan laguntzaile daukaguzan enpresakaz eta jokalarien familien laguntzagaz aurrera goaz apurka-apurka.

JAPZ; barriak diran eta ilusinoa eta erronka sortzen daben proiektu  guztietan legez, helburuak izango dozuen, baina oztopoak bere bai, ezta? Konparazinoak egitea beti da arriskutsua, baina ikusten dozu ezer faltan Bizkaiko eta Mungia inguruko beste klub batzuetan lan egiteko moduaz?

TM; Pista bat; guk, horren txikerrak izanda, pistarik bere ez daukagu. Mungiako Udalak Larreta frontoia itxi deusku erabilten astean hiru egunetan entrenatzeko; 28×9ko neurriak ditu; Patin Hockeyko arautuek, barriz, 40 metro daukiez luzeran eta 20 zabaleran, hesiz inguratuta dagoz, patinak erraz ibilteko berezia da behea. Denpora gitxi daroagu eta egin dogu berba Udalagaz, lanean gabilz aurrera egiteko. Hori lortzea oinarrizkoa litzateke, munduko edonongo entrenatzaileren bat baletor non entrenatzen dogun ikusten esango leukie ez dakiela zelan lortzen dogun umeek ezer egitea, ze espazioa sano murritza da, eta kirol honetan funtsezkoa da gitxieneko baldintza batzuk izatea. Horren faltan guk eskaintzen doguna, batez bere, ilusinoa da.

JAPZ; ikuspuntu horretatik ez da erraza izango edo ez da komenidu helburu zehatzak jartzea, baina, zuk, kirol zuzendari moduan, ze helburu daukazu?

TM; Alde sozialean taldea finkatzeko lana egiten dogu, ume gehiago erakarteko lana, eta jarduera hau burutzeko pista bat lortzeko ahalegina. Kirol eta lehiaketa arloan, barriz, denporaldi akabuan dozena erdi garaipen izatea; lehen urtean ez genduan bat bere izan, eta lehen hiru hilabeteotan, barriz, pare bat lortu dogu.

JAPZ; aurrera daroazun kirol proiektu honen beste balio erantsi bat hau da, Mungian entrenatzen dozuzanetatik %84 neskak dirala; %17 dira mutilak.

TM; bai, datu bitxia da, normalean mutilak ikusten doguz honetan. Beti izan da Izotz ganeko Hockeyagaz erraz konparatu dan kirola, lotura handia daukie, agresibidade puntu hori…. Baina apurka-apurka Bizkaiko Patin Hockeya neskak erakartzen doa eta Mungiaren kasu zehaztean, neskek sano gogotsu hartu dabe. MSK Hockey Mungiaren erronka gogoko dot lehen esan dogun guztiagaitik, baina nesken arloko kirola sustatzen lan hori egitea balio gehigarria da gogobetetzeko.

JAPZ; gogoz hartu dabela dinozu eta trebetasunez bere bai, antza; ze formazino adinean ez da garrantzitsua, baina hor entrenatzen daben hiru jokalariri deialdia egin deutsie Euskal Herriko Irristaketa Federazinoak denporaldi honetan lehenengo kontrol saio bietarako.

TM; Bai, lau bere euki geinkez!!!!!!! Baina lehen esan dodan moduan, nire ustez, lehenengoa entrenatzen eta partiduetara joateko motibata egotea da, Euskal Herriko Federazinoak antolatzen dituan andrazkoen konzentrazinoetara joateko; horri lotuta, aitatu behar da, Federazinoak hasierako patin-juegu osoak itxi deuskuzala domeketan 11:00etatik 12:30era egiten doguzan saioetarako; eta egiten dabena gustura egiten dabenez, asko gehiago ikasten dabe. Dagoan giro onak, entrenatzeko daukien gogoak, itzel hobetzea dakar eurentzat.

JAPZ; Eta hori eredua izango da, espilua ganerako lagunentzat, asteroko entrenamenduetan ikusi ahal izango dabena; izan bere, ikasteko adina daukien une honetan era horretako entrenamenduak euren norabideak zehazten dauz. Tony Melero, plazer handia izan da denpora hau zugaz konpartitzea; mila esker.

TM; Eskerrik asko.